09/08/2026
Actualizado a las 00:04h.
«Lamiñak oso ero eta alaiak direla esaten da». Hala hasten da Lurdes Iriondok (Donostia, 1937 - Donostia, 2005) 1978an grabatu zuen 'Ortzadar: eta haurrentzat beste kanta asko' (Herri Gogoa) albumeko 'Lamiñak' kantua. Gitarraren lehen akorde finetatik harrapatzen du donostiarrak entzulea ipuin kantatu harekin eta bilduma osatzen duten besteekin. Irakurle eta entzule askorentzat aldiz, are Iriondoren zaleenentzat ere, agian ez da hain abesti ezaguna, «literaturaren esparruan gertatzen den moduan haurrentzako materialgintza musikatua bigarren mailako jarduera gisa» geratu ohi delako Amaia Elizalde Mikel Laboa katedrako zuzendariak proiektuaren aurkezpenean esan zuen bezala. Eta hori Iriondok ez zuela lan bakarra egin, aipatutako diskoaz gain 'Aur kantak' (Herri Gogoa, 1969) edota gazteentzako 'Martin arotza eta Jaun deabrua. Sendagile maltzurra' (Gero, 1973), 'Asto baten malura' (Gero, 1975) eta 'Buruntza azpian' (Gero, 1975) ere argitaratu zituelako. «Oholtza utzi eta hezkuntzaren alorrera jo zuenean, euskarazko irakaskuntzarako materialak sortzen jardun zuen Lourdes Iriondok. Tartean, hainbat material musikatu ere ondu zituen», oroitu zuen Elizaldek agerraldian.
Zor hori kitatzeko helburuarekin, hain zuzen, jarri zen harremanetan Joserra Senperena eta Inge Mendiorozekin. Lehena alderdi musikalaz arduratu da, ia duela 50 urte artista donostiarrak kaleratutako lanaren bertsio berria eginez. Bigarrenak jada harreman estua du Iriondorekin, iaz hari buruzko 'Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako' dokumentala ondu baitzuen Idoia Garcesekin batera. Orain bideoklipa zuzendu du kantuari «soinekoa jartzeko». Oraindik ez da entzungai, biak ala biak urria aldera aurkeztea baita asmoa.
Horixe baita azken urteotan abian jarritako ekimen ugariren helburu nagusia, Iriondo abeslaria baino gehiago zela aldarrikatzea eta erakustea, ez zela soilik Ez Dok Amairuko kidea eta oholtzak utzi ostean lan eskerga eta maila itzelekoa gauzatu zuela. «Omenaldirik ederrena da: hark sortutakoa biziberritzea eta gaur egungo haur zein helduen artean berriro ere bizirik eta erabilian egotea», iritzi zuen Elizaldek.
«Bizi berri bat»
Ipuin kantatuari «bizi berri bat» ematea oparia izan da Senperenarentzat. Jatorrizko kantak, plataforma digitaletan entzungai denak, «hasieran eta bukaeran errezitaldi» bat du. «Oso abesti polita da, jostaria eta iradokitzailea. Lamiak aipatzen dira, ileak suak dira, barreak tximistekin alderatzen dira, basoan dantza egiten da... Naturak bizia hartu eta pagoek eta hontzek hitz egiten dute».
Orduko beste hainbat kantu bezala Donostiako Gros auzoko Tomas Gros kalean Antton Valverdek zuen estudioan grabatu zen, eta haren lana ere goraipatu nahi du Senperenak. «Hor da pianoan, ederki, oso fin. Badakizu, garai hartan Anttonek egiten zituen pianoan mundu guztiarentzat».
Hartatik, «egungo teknologiari esker», abeslariaren ahotsa duen pista isolatu dute bertsio berrian erabiltzeko. Ez da mantentzen den atal bakarra, doinua eta letra bere horretan baitaude. Aldiz, «tenpoa, armonia eta instrumentazioa ezberdina» da eta, azken emaitzak, «beste aire» bat du. Bigarren bizitza honetan Itziar Ituñoren ahotsean entzungo da kantua. Ez da Senperenak izan duen kolaborazio bakarra, bidaide izan baititu Rafa Rueda (gitarrak eta ahotsak), Karlos Arancegui (bateria), Fernando Beira (baxua) eta Kaki Arkarazo soinu-ingeniari bezala. Eta, esan bezala, Ituño ahotsean eta Imanol Elizasuk zuzendutako Zariatxo abesbatza koroak eginez. «Dream Team-a» Mendiorozek osatu du ikus-entzunezkoaren arduradun gisa.
Inge Mendioroz, Senperena, eta Rafa Rueda grabazioko une batean.
Aurrez, noski, ezagun zuen Iriondo Senperenak, «txikitan» entzun baitzituen haren kantuak. «Bere diskoak etxean nituen, Xabier Lete, Mikel Laboa eta gainerakoenekin batera». Aldiz, ez zuen haurrentzako grabatu zituen lanen berri. «Sorpresa handia hartu nuen Elizaldek aurkeztu zizkidanean. Kantu onak dira, iradokitzaileak, modu jostagarrian interpretatuak Antton Valverderen laguntza ordainezinarekin». Batik bat ipuinak eta kantuak uztartu izana azpimarratzen du Senperenak.
Iriondoren itzalaz galdeturik, nahiago izan du gehiegi ez pentsatu horretan. «Batzuetan ona da informazio asko izatea. Iaz Zinemaldian Ingek egindako dokumentala ikusi nuen eta Lurdesi buruzko hainbat kontu jakin nituen. Berdina Lorea Jainagak eta Alexander Gurrutxagak egindako 'Lourdes Iriondo, bide-urratzaile' ikerketarekin». Hori bai, behin abestia berritzeko lanei ekitean, nahiago izan du askatasun gehiago hartu. «Batzuetan hobe da burua libre uztea, abestiak berak ea nora zaramatzan».
Ikerketa sakona egin ostean ondo ezagutzen du Mendiorozek eta haren estiloa nabarmentzen du ororen gainetik. «Lurdes Iriondoren ezaugarriren bat nabarmendu beharko banu, idazteko zuen ironia aipatuko nuke, bereziki haurrentzako kantuetan. Edonon aurki daitezke irakurle edo entzulearentzat gordetzen dituen keinu eta esanahiak», adierazi zuen.
Emaitzarekin oso pozik da. «Oso proiektu polita izan da», dio. Hori bai, lehen unean bertigo puntutxo bat ere sentitu zuen, nahiz eta segituan argitzen duen hala gertatu ohi zaiola ia beti. «EHUri eta Mikel Laboa katedrari eskertu behar zaie aukera. Iriondo gehiago ezagutu behar dugu». Izan ere, Mendiorozek bere dokumentalean esaten zuen bezala «artista polifazetikoa» zen Iriondo eta zergatik dute [Ez Dok Amairuko] kide batzuek aitortza eta besteek ez?' galderari tiraka ondorio argia erdietsi zuen: gizarteko matxismoa, haren hainbat alor «isilarazi» zituena. 2025eko Zinemaldiako Zinemira saila ireki bezperan Mendioroz eta Idoia Garzesek ohartarazi zuten eskoletarako egin edo grabatutako material asko, Benito Otsoa eta antzerakoak, galdu direla.
Euskal kulturak eta administrazioek zuten zorra kitatzeko beste ale bat
Izena, Lurdes Iriondo, aipatuta askok ezagun dute artista donostiarra. Baina azken urteotan haren jarduna ikertu dutenek aldarrikatu duten bezala, maiz Ez Dok Amairu taldeko kide ezezagunenetakoa izan zen. Hor dira gehiegitan errepikatutako 'Euskal Herriko nobia' bezalakoak. Senperenak oroitu bezala urte horietan kontzertu gehien ematen zituen artista zen, baina orduko eta egungo gizartearentzat ia errazagoa da Xabier Leteren itzalpean kokatzea. Zor hori kitatzeko helburuz jaio da 'Lamiak' kantuaren bertsio eguneratua, azken boladan beste hainbatek egindako bide beretik.
Gehiago jakin nahi duen kulturzaleak, gainera, ia edozein formatutan aurkitu ditzake informazio iturriak. Azkena 2025eko 2025eko Zinemaldiako Zinemira saila ireki zuen dokumentala izan zen. Zertxobait lehenago heldu zen Jon Martin-Etxebesteren 'Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa' saiakera edota Alex Gurrutxagak eta Lorea Jainagak argitara emandako 'Lurdes Iriondo, bide-urratzaile. Literatura eta kantagintza aztergai' ikerketa.
70eko hamarkadatik aurrera egindako lan hori berreskuratzeko bidean ekarpena egin nahi izan du aurten Aztarna argitaletxeak Iriondoren corpus literario osoa bildu eta argitaratuz. Horien artean, gainera, orain arte inoiz argitaratu ez den antzezlan bat: 'Fabrika berria'.
Gipuzkoako Foru Aldundiak euskal administrazioek artista donostiarrarekiko zuten zorra eta aitortza falta ere bideratu zuen iaz, heriotzaren 20. urteurrenaren harira «garaiko estereotipoak eta oztopoak gaindituz», andre sortzaileak «euskal kulturaren erdigunean» kokatzeko izan zuen adorea ere azpimarratzeko Urrezko Domina eman baitzion.