14/09/2026 a las 13:55h.
San Telmo Museoko udako erakusketa nagusia izan da Goyaren eta Motherwellen lana aurrez aurre jartzen dituena. Hiru hilabetez milaka bisitari jaso ditu eta, izandako arrakastaren ondorioz, beste hamabost egunez egongo da ikusgai erakusketa, urriaren 13ra arte.
'Goya beltza. Motherwell beltza' erakusketa maiatzean ireki zen eta lau hilabete hauetan 37.000 bisita jaso ditu. San Telmo Museoak eskuratutako Francisco de Goyaren 'Gerrako hondamenak' ditu oinarri eta, beraien parean, Robert Motherwell espresionista estatubatuarraren 'Iberia' mihise abstraktu eta beltza dago ikusgai, Espainiara egin zuen lehen bidaiak inspiratuta egin zuena 1958an. Bi autoreek mende bateko aldearekin gerraren indarkeriaren eta oroimen kolektiboaren hausnarketa egin zuten bere obratan. 'Gerrako hondamenak' 80 estanpaz osatuta dago eta 1808 eta 1814 urteen artean, Napoeonen armadaren okupazioan, frantsesen eta espainiarren artean izandako borroka gogorrak irudikatzen ditu.
Bestalde, museoko udako beste erakusketa garrantzitsua 'Modernitatea marraztu' erakusketa izan da, 1864 eta 1968 artean egindako autore ezagunen marrazki bilduma jasotzen duena. Mapfre fundazioko eta San Telmo Museoko bildumetako 160 lan inguru barne hartzen ditu, tartean Mariano Fortuny, Juan Gris, Maruja Mallo, Pablo Picasso, Edgar Degas, Ignacio Zuloaga, Mari Puri Herrero, Aurelio Arteta edota María Paz Jiménezen lanak.
Erakusketa irailaren 27an itxiko da, baina aste honetan, irailaren 17an, Leyre Bozal Chamorro komisarioak eta Mapfre fundazioko bildumen kontserbatzaileak hitzaldia eskainiko du. Bertan, marrazkigintzak XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasieran bizitako aldaketa sozial, kultural eta artistikoak islatzeko duen gaitasunari buruz arituko da Bozal. Hitzaldia 19:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da, eserlekuak bete arte. Bertaratu ezin dutenentzat, hitzaldia streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da San Telmo museoaren webgunearen bitartez.