19/09/2026 a las 07:30h.
Euskal Komiki Eguna bigarrenez ospatuko da hilaren 29an. Jai «deszentralizatua» da eta liburutegietan, dendetan, eskoletan eta Interneten ekimen desberdinak gauzatuko dira. Iaz lehen edizioa egin zen eta antolatzaileen esanetan «euskarazko komikigintza sustatzeko asmoz sortu zen ekimena, hainbat komikizale eta komikigileren artean. Hasieratik ideia sinple bat izan dugu oinarrian: euskal komikiak baditu sortzaileak, argitaletxeak, dendak, liburutegiak eta, jakina, irakurleak; bada, jar ditzagun denak egun batez behintzat lehen planoan».
Aurtengo ediziorako, Asier Iturralde 'Gaston' artista donostiarrak sortu du logoa –orrialde honetan ikus daitekeena–. Euskal Komiki Egunaren berezitasuna «bakoitzak ahal duen eta nahi duen moduan» ospatzean datza. «Ez dago ekitaldi nagusi bakar bat, ezta toki jakin bat ere. Euskal Herri osoan zehar modu autogestionatu eta deszentralizatuan antolatutako ekimenek osatzen dute eguna», diote ospakizunaren antolatzaileek.
50 komiki urtean
Euskal Komiki eguna irailaren 29an ospatzen da data horretan 1977 urtean argitaratu zelako Zakilixut komiki pertsonaiaren lehen zinta. Ia 50 urte geroago «bizirik» jarraitzen duela goraipatzen dute antolatzaileek.
Horrekin batera, diote, «70eko hamarkadan hasi zen euskal komikigintza garaikidea (egunkarietako zintagintza eta Ipurbeltz bezalakoekin), gero 80ko hamarkadan Habeko Mik eta Napartheid modukoekin jarraitu zuena, mende honetan Xabiroi aldizkariaren sorrerarentzat oinarria jarri zutenak, eta gaur egun urtero euskarazko 50 komiki inguru argitaratzera eraman gaituztenak. Horregatik, orainean ekinez etorkizuna lotzeko egokia iruditu zitzaigun iragana ere oroituz egitea».
Azaldu dutenez, «Liburutegietan, dendetan, ikastetxeetan, Interneten... euskarazko komikia ikusgai egotea da xedea, eta zale eta gainontzeko haur, gazte zein helduek euskarazko komikia irakurri eta erostea. Komiki sortzaileek ere (gidoilariak, irudigileak, koloristak, itzultzaileak...) parte hartuko dute, euren lanaren berri sareetan emanez. Eta euskarazko komikia sustatzen duten aldizkari eta argitaletxeek ere merezi duten protagonismoa izatea nahi dugu».