14/09/2026
Actualizado a las 13:57h.
Durangoko Azokaren 61. edizioa abenduaren 4tik 8ra egingo da, eta, urtero bezala, euskal kulturaren arloko sortzaileen ekarpenarekin osatuko da egitaraua. Bada, antolatzaileek jakinarazi dutenez, astelehen honetan bertan zabaldu da guneetako programazioan parte hartzeko proposamenak aurkezteko epea eta sortzaileek urriaren 5era arte izango dute euren proposamenak erregistratzeko aukera, hemen sakatuz.
Gunez gune, hainbat diziplinatako artistek eta sortzaileek euren azken lanak eta proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte. 2026an euskaraz kaleratutako lanak edo euskal kulturarekin lotutako proposamenak aurkeztu ahal izango dira, beti ere gune bakoitzaren ezaugarrien eta programazio-ildoen arabera.
Hau da, Ahotsenean liburuak eta diskoak aurkeztuko dira; Atartean, ilustratzaileen lanekin erakusketa antolatuko da; Berbagailuan, euskarazko bideo-podcastak eskainiko dira; Irudienean, ikus-entzunezko lanak izango dira protagonista; Kabian, teknologia berriekin lotutako jarduerak aurkeztu ahal izango dira; Saguganbaran, haurrei zuzendutako literatura eta musika landuko dira; Szenatokian, dantza, antzerkia eta bakarrizketak izango dira ardatz, eta Talaian, literaturaz aparteko lan eta proposamenak hartuko dira.
Beste topaketa batzuk
Dena den, Azoka aurretik sortzaileentzako beste plaza eta topaketa batzuk izango direla aurreratu dute antolakuntzatik. Esate baterako, DA! PRO topaketaren testuinguruan, haurren ikuskizunei begirako jardunaldia izango da azaroaren 24an, eta musikari eskainitako beste bat azaroaren 26an. Izen-ematea urriaren 13ra arte egongo da zabalik.
Era berean, Zu Non, Han DA! egitasmoak ere azokaren aurretik hartuko du protagonismoa. Euskal Herriko liburu-dendetan egingo dira liburu aurkezpenak, eta sortzaileek zein liburu-dendariek parte hartzeko aukera izango dute. Urriaren 5era arte aurkeztu ahal izango dira eskaerak. «Saltokietako arduradunek webguneko izen-emateen atalean egin behar dute eskaria; sortzaileek, ostera, Intraneta atalaren bidez», esan dute.
Azkenik, duela bi aste iragarri bezala, erakusmahaia jartzeko izen-ematea irailaren 30era arte egongo da zabalik.
- Euskera
- Durangoko Azoka